Arabiar esaerak zera omen dio: "Jo egizu noizik behin emaztea. Berak jakingo du 
zergatik". ETAk ere honelako zerbait esaten digu: "Guk lehergailuren bat 
jarriko dizuegu lantzean behin. Zuek jakingo duzue zergatik". 

 

Auskalo gero "Ahotsak" taldeak ba ote dakien zergatik senar arabiarrek emazteak 
jotzen dituzten, baina bistan da ez dakiela zergatik ETAk bonbak jartzen 
dizkigun. Ez du behintzat Barajasko erasoaz iritzirik eman nahi izan.

 

"Ahotsak" taldeko emakumeek erabaki dute ETA gaitzesteak euren arteko 
elkartasuna hausten duela eta, elkartasunaren mesedetan, hobe dutela isilik 
egon. Norbaitek esango balu bezala, hobe dela, elkartasunaren izenean, 
sexu-diskriminazioaz jarrerarik ez azaltzea. Danok elkarrekin, aho batez 
isilik, eta kitto.

 

         Zenbaitek esango du ez dela, horratik, berdina. Emakumeek sufritzen 
duten diskriminazioa oinarrizko giza-eskubideen kontrakoa dela eta ETAren 
mehatxu armatua, ostera, eztabaida politikoa baino ez. Baina hori ez da erabat 
egia. Munduan zehar herrri asko dira, kulturaren izenean, emakumea bigarren 
mailakotzat jotzen dutenak. Gu gara, europarrok, erabaki dugunok emakumeak 
eskubide guztien jabe direla; guk geuk, europarrok, erabaki dugu ez dagoela 
alderdikeriaren aitzakiaz inor hiltzerik. Erabaki biak dira gure 
zibilizazioaren fruitu. 

 

"Ahotsak" taldeko emakumeen artean batzuek nahi zuten ETAren jarrera salatu eta 
beste batzuek, aldiz, nahiago isilik geratu. Neutraltasunaren izenean onartu 
dute erabakirik eza. Baina emaitza ez da neutrala. Erabakirik hartu nahi ez 
zutenek irabazi dute.

 

Eta neri atzerakada nabarmena iruditzen zait.

 

Amatiño

Goiz kronika

Euskadi Irratia

2007-01-16

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to