Auskalo Sabino Arana ideologo ona izan ote zen, eta batek daki, gaur
bizi
balitz, politikara dedikatuko ote litzatekeen, baina zalantzarik ez Arana
izan zela bere garaiko publizistarik onenetakoa eta, gaur egun ere,
marketing-enpresa arrakastatsua jartzeko ez lukeela arazorik izango.
Alderdikeriak utzita, ezin uka gaur egun Euskal Herrian gogoan dugun
politikorik ezagunena Sabino Arana dela. Izan ere, mikrofono eta guzti
kalera galdezka irtenez gero, jendea gauza izango ote litzateke Aranaz
aparte XIX. mendeko beste politikoren baten izenik aipatzeko?
Aranak ez zituen bihotzak, sentimenduak eta zirrarak soilik suspertu.
Horrez gainera euskal merkatuan sinbologia osoa abian jartzeko gai izan zen.
Batetik, izena jarri zion nazio politikoari, Euskadi. Bestetik, ikurrina
eta ereserkia ezarri zizkion. Eta, gutxi bailitzan, sekula euskal
abertzaletasunak izan duen lelo komertzialik ezagunena diseinatu zuen:
Euskotarren aberria, Euskadi da.
Are gehiago, herri-sinbologian ezezik, gizabanakoaren semiologian ere
sekulako aportazio irakunkorrak egin zituen Aranak, berak asmatu eta ehun
urte geroago indarrean jarraitzen duen izendegia kasu. Eta ez bere
jarraitzailerik sutsuenen artean soilik, baita etsairik amorratuenen artean
ere. Joseba, Gotzone, Iñaki, Mikel eta Edurne izenak ez dira jeltzaleen
artean bakarrik aurkitzen, baita Ermuko Foroaren partaideen artean ere.
Aurreko astean EAJk aurkeztu zuen e-batzokia (www.batzokia.com),
1894an Sabino Aranak zabaldu zuen Euzkeldun batzokijaren berrikuntza baino
ez da. Orain ez da harrigarria Internet sareaz baliatzea, baina ez zen
inondik ere normala XIX. mendean batzoki-sarea zirkulazioan jartzea.
Horretarako publizista-puntua behar da.
Ehun urte geroago badira hainbat jeltzale marketing-aren etsai
direnak, gauza horiek kanpotik datozen ospelkeriak direlakoan. Horrela
pentsatzen dutenak jeltzaleak izango dira baina ez, behintzat, Aranazale
petoak.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]