Kalean da Patxi Salaberri eta Juan Jose Zubiri euskaltzainek osatu duten 
*Biraoak. Nafarroan bilduak* (Pamiela, 2007) liburua. Leitzarandik Erronkarira 
bitarteko milatik gora birao jaso, sailkatu eta aztertu dituzte. Bilduma 
bakana, euskaraz egindako aurrena, mendebalde honetatik --txaloez gainera-- 
hainbat hausnarketa merezi duena. 

           Lehen eta behingoz, mutur honetakook behintzat ez dugu sekula 
pentsatu izan, irainik, madarikaziorik, adarjotzerik, gaitzizenik edo berba 
zatarrik esateko euskara gai  ez zenik.  Gauza bat da erlijio-kutsuko biraoak 
esateko erdarara jo beharra -*Wazemank* saioaren gehiegikeriak ikusi baino ez 
dago- eta, beste bat, edozein kristauk animalia-izena duen gizarte honetan 
fauna deskubritzen hastea.

          Bigarren, nafar bion lan apartak ezin hobeto erakusten du, azaleko 
itxura guztien azpitik euskara bat besterik ez dela, eta azterlariok laburbildu 
dituzten arau, hitz-jario eta esamoldeak euskaldun guztion ondare direla. 
Anekdota modura, egileek Zaraitzuko "fan adi txakurran ipurdiala" esaldia 
batuan (joan hadi txakurraren ipurdira) idazten dute gainerako nafarrek ulertu 
dezaten edo. Auskalo goizuetarrek ez ote luketen bestela ere ulertuko baina, 
adibidez, elgetarrek behintzat bape arazo barik. 

          Herriz herri jasotako biraoez gainera, irakasle biok hogeita hamar 
inguru idazleren testuak hautatu dituzte. Zoritxarrez, Perez Lazarragako 
arabarrarenak edo izan ezik, bat bera ere ez bizkaieraz. Horren zaila ote zen 
Kardaberatzen edo Mendibururen garai bereko Mogel aipatzea? Edo, behin Txomin 
Agirre jarriez gero, *Kresala* aukeratzea eta ez *Garoa*? Ala Bizkaiak 
liburu-azaleko Jose Arrueren margoa baino ez du eskaini ahal?

 

Amatiño

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to