"Blackening" alegia.
Amatiño
--------------------------
Hogei urtez eraberritze-lanetan aritu ondoren, 2003an
jendaurrean azaldu zen, Milango Santa Maria delle Graeze elizaren
prefektorioan (ordua eskatu behar da), Leonardo da Vinciren Azken afaria
(1498). Baina, zoritxarrez, lau urte aski izan dira pinturaren osasun-egoera
berriro ere kinka larrian jartzeko. Milioitik gora izan dira geroztik
bertaratutako turistak eta berauek ilean eta arropan eramandako hautsak
historian zehar izan den pinturarik aipagarrienetako honen blakening edo
belzte-prozesua areagotu du
Dan Brown-en Código Da Vinci nobelaren arrakastak arteaz ezer gutxi
arduratu ohi den jendearen interesa piztu badu ere, tenperaz margotutako
horma hau gero eta garrantzi gehiago hartzen ari da Informazio Gizartearen
ikerleen artean, Leonardo da Vinci bera ziberkulturaren aitzindaria
dugulakoan.
Eduardo Chillidak esan zidan behin arteak --teknologiak ez
bezala-- ez duela ildo jakineko garapen-ardatzik. Hau da, teknologian
errobera-gurdia-autoa-hegazkina delako katea ezinbestekoa bada ere,
artegintzan berpizkundea-barrokoa-inpresinismoa-kubismoa delako bilakaera
bestela ere izan zitekeela. Alegia, nekez zitekeela errobera asmatu aurreko
autorik, baina bai, ordea, teoriaz behintzat, barrokorik gabeko kubismorik.
Hala ere, ziberkulturaren zenbait ikerle kontrako iritzikoak
dira eta, asmakizun berriei gurasoak bilatu beharraren beharrez, pinturaren
historian izan diren estiloen arteko lotura segurutzat jo ezezik, pintorerik
klasikoenak aldarrikatzen dituzte gaur egungo hainbat teknikaren
oinarritzat. Aditu hauen ustez, nekez ulertu liteke gaur egungo infografia
Berpizkundeko pinturak erakarri zuen ikuspegi espazialik gabe eta zail
litzateke errealitate birtualera iristea aldez aurretik Bosco edo Daliren
surrealismorik izan ez balitz.
Auskalo gero zer den lehenago, arrautza ala oiloa, baina
eztabaidak irauten duen bitartean ezin inondik ere ukatu Leonardo da Vincik
bizitzarik gabeko androide gotikoak arima errenazentistaz berpiztu zituela,
ordurarteko marrazki zapalei atmosfera sakona eskaini ziela eta bi
dimentsiotako pintura lau-lauari bolumen geometrikoa ezarri.
Orain dela bostehun urte pintatutako Azken afaria bertatik
bertara ikusi baino ez dago Leonardo da Vinciren errealismo birtualaz
bapatean jabetzeko. Ezin gero ahaztu, pintore ezezik, zientzilari, ingeniari
eta ikerle ere izan zela eta, beraz, inork baino lehenago bategin zituela
bere baitan gaur egungo ziberkulturak elkartarazi nahi dituen zientziak eta
letrak, teknologia eta Arte Ederrak.
Amatiño
_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]