Hogei urtez eraberritze-lanetan aritu ondoren, 2003an jendaurrean
azaldu zen, Milango Santa Maria delle Graeze elizaren prefektorioan (ordua
eskatu behar da), Leonardo da Vinciren "Azken afaria" (1498). Baina,
zoritxarrez, lau urte aski izan dira pinturaren osasun-egoera berriro ere kinka
larrian jartzeko. Milioitik gora izan dira geroztik bertaratutako turistak eta
berauek ilean eta arropan eramandako hautsak historian zehar izan den
pinturarik aipagarrienetako honen blakening edo belzte-prozesua areagotu du
Dan Brown-en "Código Da Vinci" nobelaren arrakastak arteaz ezer gutxi arduratu
ohi den jendearen interesa piztu badu ere, tenperaz margotutako horma hau gero
eta garrantzi gehiago hartzen ari da Informazio Gizartearen ikerleen artean,
Leonardo da Vinci bera ziberkulturaren aitzindaria dugulakoan.
Eduardo Chillidak esan zidan behin arteak --teknologiak ez bezala--
ez duela ildo jakineko garapen-ardatzik. Hau da, teknologian
errobera-gurdia-autoa-hegazkina delako katea ezinbestekoa bada ere, artegintzan
berpizkundea-barrokoa-inpresinismoa-kubismoa delako bilakaera bestela ere izan
zitekeela. Alegia, nekez zitekeela errobera asmatu aurreko autorik, baina bai,
ordea, teoriaz behintzat, barrokorik gabeko kubismorik.
Hala ere, ziberkulturaren zenbait ikerle kontrako iritzikoak dira
eta, asmakizun berriei gurasoak bilatu beharraren beharrez, pinturaren
historian izan diren estiloen arteko lotura segurutzat jo ezezik, pintorerik
klasikoenak aldarrikatzen dituzte gaur egungo hainbat teknikaren oinarritzat.
Aditu hauen ustez, nekez ulertu liteke gaur egungo infografia Berpizkundeko
pinturak erakarri zuen ikuspegi espazialik gabe eta zail litzateke errealitate
birtualera iristea aldez aurretik Bosco edo Daliren surrealismorik izan ez
balitz.
Auskalo gero zer den lehenago, arrautza ala oiloa, baina eztabaidak
irauten duen bitartean ezin inondik ere ukatu Leonardo da Vincik bizitzarik
gabeko androide gotikoak arima errenazentistaz berpiztu zituela, ordurarteko
marrazki zapalei atmosfera sakona eskaini ziela eta bi dimentsiotako pintura
lau-lauari bolumen geometrikoa ezarri.
Orain dela bostehun urte pintatutako "Azken afaria" bertatik
bertara ikusi baino ez dago Leonardo da Vinciren errealismo birtualaz bapatean
jabetzeko. Ezin gero ahaztu, pintore ezezik, zientzilari, ingeniari eta ikerle
ere izan zela eta, beraz, inork baino lehenago bategin zituela bere baitan gaur
egungo ziberkulturak elkartarazi nahi dituen zientziak eta letrak, teknologia
eta Arte Ederrak.
Amatiño
_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]