Euskara ialgi hadi mundura esan zuen Detxeparek XVI. mendean, eta, 
XIX.ean, berriz, eman ta zabal zazu munduan fruitua kantatu zuen Iparragirrek. 
"Txapela buruan, ibili munduan", euskalduna mendez mende aritu izan da, nahiz 
balea-arrantzalea, marinela, korsarioa, merkataria, misiolaria, artzaina, 
puntista edo atzerriratua izan. Oraingoan, ostera, enpresak dira gure 
enbaxadorerik onenak. 

        Aurreko astean, Ana Agirre sailburuak eta Arrasateko kooperatibek 
Txinako Shanghain inauguratu zuten lehen industrialdea. Berrehun inguru dira 
munduan zehar sakabanatuta dauden euskal lantegiak eta milatik gora, berriz, 
bulego komertzialak. Honez gero, gehiago dira euskal multinazionalak munduan, 
nazioarteko multinazionalak Euskal Herrian baino. 

      Mundua aldatzen ari da eta, munduarekin batera, oraintsu arteko 
aurreiritziak. Adibidez, Ipar Ameriketako kapitalismoaren ikur den 
Pricewaterhouse zerbitzu-enpresak Txinako Alderdi Komunistaren Kongresu 
Nagusiaren informea egin du. Txosten baikorra gainera: Txina ondo doa eta 
Alderdi Komunistaren jestioa primerakoa. Ez da, behar bada, batere demokratikoa 
baina... tira. Auditoriak ez dira egiten ideologiak galbahetik pasatzeko, 
diruzainarenak egiteko baino. Txinak hankaz gora jarriko du mundua hurrengo 
hamar urtean eta Pricewaterhousen onespena du horretarako. Bingo!

        Auskalo zer esango ote lukete Xabierko Frantziskok eta Mao Tse-tung-ek 
txakolin batzuk jotze aldera Shanghaiko Euskal Etxean elkarrekin bilduko balira 
baina, zalantzarik ez gero, mortalak eta bi datoz. Datozkigu, alegia.

 

Amatiño

Goiz Kronika

Euskadi Irradia

2007-11-20

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to