gitarra eta biolintxua etorri zain, entremes moduan bidaliko dizuet
testu bat, eibartarron azken afariaren ostean idatzi nuena. "Ongi
etorri, gazon" zuen izena, eta izenik ematen ez bada ere, afaltiarren
bat behinik ezagutuko duzue:
Duela zenbait aste, konpainia onean, euskaldunik baizen ez zen
afarian nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, ea gaur
egungo emaztekiek, hanketako eta besapeetako biloak oro moztu eta
erauztearekin batean, sabelpeko ileak ere arras kentzen dituztenetz,
nola ikusten baita aldizkari eta filmetan, ala beren naturaltasunean
hazten uzten ote dituzten, nola izan baita betidanik naturaren legea
eta oraintsu arte gure gizarteko usadioa.
Fisioterapeuta bati egina zegoen galdera, zeinak arestian kontatua
baitzuen nola azaldu zitzaion kontsultan bezero bat tangaz jantzia
eta almorrana ikusgarriak zituena. Igurtzilari profesional hark ez
zuen deus esan depilazioaren moda berriaz, dela kontsultan
horrenbeste ikustera iristen ez delako, dela bezeroen intimitatea
gehixeago babestu behar zuela ohartu zelako. Mahaian zeuden
andrazkoetako bat mintzatu zen orduan, eta esan zuen, gimnasioko
aldageletako esperientziak ematen zion jakituriaz, emakumezkoetan oro
har eta gehiengoz, ile-multzo usu eta sarriak zirela nagusi.
“Felpudoak” izan zen gure lagun afaltiarrak erabilitako hitza.
Hortik hasita, hizkuntza-kontuetara jo zuen solasak: baten batek
zioen, gorputz-atal hori izendatzeko gaztelaniaz “felpudo” hitza
erabiltzea gauza berria zela, frantsesetik hartua: Felpudo maldito
izeneko pelikula bat ekarri zuen gogora, mahaian eseritako gehienok
ikusia genuena, baina irakurleen artean ikusi ez duenik balego labur
azalduko dudana: Victoria Abril da protagonista, senar kirten eta
gazbako batekin asperturik dagoena; egun batez kasualitatez agertzen
da kamioizale estiloko emakume bat, lesbiana porrokatua ere badena
eta Victoria koitadua bereganatuko duena.
Googlen begiratuta ikusi dut filma 1994koa dela, eta Josiane Balasko
izan zela, aktore ez ezik (kamioizalea), baita gidoilari eta
zuzendaria ere, eta arrakasta handia lortu zuela bere garaian.
Jatorrizko izenburua: Gazon maudit; hiztegiari gainbegiratu txiki bat
egitea nahikoa izan zen felpudo berbaren adiera anatomikoaren etorki
frantsesa faltsua zela ohartzeko: “gazon” eleak “belardi” esan nahi
du bere lehen adieran, eta ez da metaforetan txapeldun izan behar
esanahi batetik besterako jauzia azaltzeko.
Bide batez, eta parentesi bat eginda, gogora etorri zitzaidan gure
Larramendi maiteak frantsesa-euskara hiztegia idatzi balu zer esango
zuen hitz horri buruz. Larramendi XVIII. mendeko jesuita
andoaindarrak, euskaraz era guztietako hitzak konplexu barik
baliatzeko eta bere etsaiei adarra jotzeko helburuz, gaztelaniaz eta
euskaraz berdintsuak ziren hitzen euskal jatorria aldarrikatu ohi
zuen bere hiztegian. Adibidez, “estandarte” gaztelaniazkoa euskaraz
ere berdin esaten bazen, ez da euskarak maileguan hartu duelako,
alderantziz baizik: “proviene del vascuence –argituko zuen–, porque
el soldado que lo lleva en la batalla, lo ha de portar hasta que una
bomba le estalle: eztanda arte”. Imajinatu, beraz, zer azalpen emango
zion “gazon” honi: “ça vient du basque, gauza on, parce que c’est une
bonne chose, peut-être la meilleure”.
Ikuspegi euskaltzale batetik, beraz, “gazon” edo “gauzon” hitza
proposatu genezake gure hizkuntzan erabiltzeko, felpudo-ri baino RH
jatorragoa eta goitarragoa aurkitu diogunez gero. “Felpudo” horrek
baditu bere gauza ederrak hala ere. Afarira itzulita, beste mahaikide
batek kontatu zuen nola bere emazteak “ongietorri” deitzen dion
delako felpudoari.
–Baina etxeko ate aurrean dagoenari ala…? –galdetu nion nik.
–Ez, ez, ez: tripa azpikoari.
–Joder! Metonimia bikoitza.
Nahi gabe atera zitzaidan berbakondoa, baina polita da teknizismoek
egiazko bizitzarekin lotura daukatenean. Nire lankide batek,
berdekerien zalea bera, beti kontatu ohi du gogoan iltzatuta geratu
zitzaiola betiko zer den aliterazioa (soinu baten errepika, efektu
jakin bat lortzeko), adibide hau ipini ziotenean: “Vanessa Visa sí”.
Era berean, “ongietorri” hitzaren erabilera horretan, bi figura
erretoriko uztartzen dira: batetik, hankapeko lanpas horretan “ongi
etorri” hitzak idatzi ohi direla-eta, ongietorri deitzen diogu etxe-
atariko zer horri (edukitzailearen eta edukiaren nahastekatzea:
metonimia adibide garbia); bestetik, eta aldi berean, lanpasaren
zurdek emakumearen sabelpeko ilajearekin izan dezaketen antza dela-
eta, “felpudo” deitzen diote hainbatek Bermudetako triangelu horri
(metafora gardena).
Gure lagunaren emazteak, baliabide literarioen erabilera oparo eta
emankorrarekin batera, eskertzeko moduko eskuzabaltasun eta abegi ona
erakusten du, bere gauzonari halako izen estimulatzaile eta
iradokitzailea emateko: ongietorri.
_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona: [email protected]
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)
Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.