Mikel Lizarraldek proposamen txiki batzuk egin dittu eibarko trafikua
eta mugikortasuna hobetzeko.

hamentxe doiaz.

kontuan hartzekuak, behinipein

a.

-------

http://eibar.org/blogak/lizarralde/eibarren-mugikortasuna-hobetzeko-neurri-erraz-eta-merkeak/

Mugikortasunaren Europako astea dugu honako hau. Eta nago entzungo
ditugula gure herriko agintariak mugikortasunaren aldeko hitz politak
esaten. Baina egin, zer egiten dute? Obra garesti eta potoloak soilik,
mugikortasunean eragin efektiborik apenas dutenak.

Trenbidea bikoizteak eta estazioak berritzeak zenbat bidaiari gehiago
lortuko dizkio Euskotreni? Estaziño kalea eleganteagoa egiteak zenbat
auto kenduko ditu? Saihesbidearen 3. faseak zenbat auto kendu ditu
gure herritik?

Hemen neurri sinple eta merke batzuk mugikortasuna hobetzeko:
1. Trafiko araudia betetzea

Eibar herri anarkikoa da. Trafiko arauek ez dute pitorik balio. Autoak
edozein tokitan aurkituko ditugu: espaloi gainean (gero espaloi horiek
konpontzen dirua gastatzen da, gogoratu!), autobus geltokietan eta
debekatua dagoen hamaika tokitan.

Doble-fila famatua. Ez dago eskubiderik. Autoa gaizki lagatzen dutenek
bost minutu beharko lukete ondo aparkatu eta oinez nahi duten tokira
joaten, baina beraien bost minutuak karabanan zain gaudenon bost
minutuak baino baliotsuagoak dira.

Gaizki aparkatzeko ohitura hau kenduz gero jendeak autoa hartzeari
lagako dio Eibar barruan distantzia laburrak egiteko. Trafikoa arindu
egingo da eta gutxiago kutsatuko dugu. Baina horretarako legea bete
behar da.

Trafiko arauak ez badira bete behar, soberan daude udaltzainak
Eibarren. Aurreztu dezagun ba gastu hori.
2. Semaforo gutxiago eta azkarragoak

Trafikoa arindu beharra dago. Semaforoak denbora gutxi pasa behar dute
itzalita. Alemanian, Ingalaterran, Holanda, Belgikan,... Europa osoan
dagoen joera horixe da. Semaforo azkarrak, edota semafororik ez
egotea. Arindu trafikoa. Geldi dagoen auto bat kutsatu eta kutsatu
dabil.
3. Bidegorria Eibar barruan

Egunen batean iritsiko da Maltzaga eta Ermuarekin konektatuko
gaituena. Baina herri barruan ere badago zer eginik. Eta oraindik egin
ez bada udal agintarien errua da.

Ondorengo ibilbide ia guztia bi erraietako kaleak dira. Nahikoa da
errai bat bizikletentzat lagatzea. Barakaldo kalea > Urkizuko
pasealekua > Bidebarrieta > Julian Etxeberria > San Juan > San Andres
pasealekua > Torrekua (Amañako gasolindegira arte).

Apurka-apurka eginda gastu txikia litzateke: hasi plastikozko hesi
sinpleak jartzen eta pixkanaka joan txukuntzen.

Merkeagoa da horrelako zerbait egitea trenbide gainean pasealeku
asmatzen ibiltzea baino.

Gainera, honek doble-fila eragotziko luke, trafikoa arinduz.

Egia da Eibarren aldapak daudela, baina Barakaldo kaletik Amañako
gasolindegiraino bi aldapatxo besterik ez daude: Bidebarrieta eta
Udaletxera iritsi aurretik.

Hasi horrelako bidegorri batekin eta arrakasta izanez gero joan
luzatzen eta bide berriak gehitzen. Baina egin zerbait, hasi
zerbaitekin. Ez dit balio kulpa beti Gipuzkoako Foru Aldundiari
botatzen egoteak. Duela ehun urteko eibartarrak ez ziren beti besteei
kulpa botatzen ibiliko, lana egiten zuten euren familiak, lagunak eta
herria aurrera ateratzeko.

_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   [email protected]
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)

Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.

Reply via email to