Kaixo,
Zuetako gehienok jakingo duzue (Sustatuk eman zuen horren berri
zapatuan, https://sustatu.eus/1616173590) OVH ostatatze-enpresaren
datu-zentro bateko sutea dela-eta Blogariak.net euskarazko blogen
plataforma desagertu dela (beste gauza askoren artean). Segurtasun
kopiak ondoko eraikin batean zeuden, hau ere hartu zuen suak eta,
ondorioz, blog horiek betirako galdu dira, asko oso interesgarriak. Ahal
dutena Archive.org-etik eta kopia pertsonaletatik berreskuratzen
saiatzen ari omen dira.
Hori ikusita, niri ikaragarrizko beldurra sartu zait noizbait blogean
urteetan egindako lan eta eduki guztia gal daitekeela pentsatzean... Eta
Eibar.org-eko arduradunek egiten duten lanaz eta hartzen dituzten
neurriez gain, blog bakoitzaren egileok norberaren edukiak gordetzea
soberan ez legokeela pentsatu dut. Baina nik behintzat orain arte
blogean idazteko ez dut aurretik nire ordenagailuan idatzi eta gordetzen
eta amaitzean igotzen, zuzenean blogean idazten dut, beraz ez dut neure
ordenagailuan idatzitakoen kopiarik...
Beraz, nire galdera: gure blogak esportatzeko aukeraren bat ba al dago,
kudeatzaileentzako pantailetan botoiren baten bidez edo? Ahal bada,
irudiak ere jaistea litatzeke egokiena, baina tira, gutxienez testuak
jaisten baditu, XML baten edo gehiagotan, nahikoa.
Ez badago, urgentziaz hasiko naiz idazten blog baten eduki guztia
(irudiak barne) jaitsiko duen programa bat idazten, gero partekatuko
nukeena zuekin. Baina jada egin badaiteke moduren batean, ba hobe. Eskerrik asko eta ondo segi,
 Igor Leturia
________________
Mezu gehiago ez jasotzeko, idatzi hona: eibartarrak-ow...@postaria.com

Reply via email to