Bi urte joan dira 2003ko maiatzaren 30ean ETAk polizia nazional bi
Zangotzan hil zituenetik hona. Besteak beste, datu hau aipatu izaten da
talde armatuaren bake-nahiaren adirazgarri. Auskalo gero zertan diren ETAren
bake-nahiak baina hildakorik gabeko urte bi hauek gehiago dira bere ezinaren
froga, hil nahiezarena baino. 

        Hemerotekari jaramonik egingo badiogu, ETA hiru aldiz ahalegindu zen
inor hiltzen 2003ko udatik aurrera, beste hiruzpalau bider 2004 urtean
zehar, eta beste horrenbestetan aurten. ETA aurreko martxoan ahalegindu zen
azken aldiz inor hiltzen eta apirilaren 22an bost mila kilo lehergailu
besteko klorato lapurtu zuen Frantzian.

        Suetenaren eta elkarrizketaren kanpai-hotsek joten omen duten
honetan, badirudi ETAk lehergailu txikerrak jartzeari ekin diola. Ez da
�igelaren� taktika honi ekiten dion aurrenengo aldia. Igelak, ur irakinetan
sartuz gero, jauzi eta ihes egiten du. Baina ur hotzetan sartu eta astiro
berotuz gero, ustekabean egosten da, berotu beharraren beharrez urak irakin
egiten duela jakiteke.

        ETAk badaki bakegintza igelaren pareko edo dela. Badaki inor hilgo
balu bertan behera zapuztuko lukeela bake-prozesua, baina lantzean behin
lehergailuren bat edo beste baino jartzen ez duen bitartean, ostera, ez
duela prozesurik etenaraziko, beti izango direlakoan nagusi �bakeak
arriskatzea merezi duela� esaten dutenak... zorigaiztoko ezusteren bat
gertatu arte.

        Zalantzarik ez bakea inoiz baino hurreago dugula, denbora ez dela
musutruk pasatu eta Aljer, Ajuria Enea zein Lizarrako eskarmentuak ez zirela
alferrik gertatu. Zalantzarik ez ETAk badakiela bereak egin duela,
historiaren kontra ari dela eta, atzo bertan Juan Mari Uriarte gotzainak
esan zuenez, euskal gizartea egoeraz gogaituta dagoela. 

        ETAren zenbait buruzagik badaki zenbat eta gehiago iraun hainbat
txarrago izango dela, eta zenbat eta lehenago amaitu hobe denontzat.
Axularrek 1643an esan bezala, ez dela komenigarri luzamendutan, geroko
gerotan, jarraitzea.

        Amati�o

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to