Mercedes eta Volkswagenen kontuen harira zenbait burutazio dauzkat eta normalean bezala lotsa gutxirekin botatzen ditut hemen:
Urtean birritan burutik pasatzen zait gauza bera, multinazional edo enpresa handi horietako batek enpresa bat itxi edo hainbeste langile kaleratzeko erabakia hartzen duenean. Zertaz harritzen dira? Kexa nori egiten diote? Noski, sindikatuak horretarako dira, lehendik lanean daudenen (batez ere afiliazio kuota ordaintzen dutenen) lanpostuen alde egiteko. Ondo iruditzen zait eta nire elkartasuna daukate. Politikariek ere laguntasuna emateko modua badute ondo, lagundu dezatela ahalik eta lanpostu gutxien galtzen. Baina hortik aurrera ez ditut ulertzen politikarien edo zuzenean afektatuta ez daudenen negarrak. Multinazional horiek ez dira gurera etorri faborea egitera, ahalik eta diru gehien ateratzera baizik. Erabakiak ez dira gure herrian hartzen, eta gurean ditugun fabrikak, zenbaki bat dira haientzat, hemendik kendu eta haruntzago jarri egiteko, lehen ere handik kendu eta hemen jarri zituzten moduan. Globalizazioa ez da atzo gaueko gauza. Mercedes eta VW "globalizatu" bait ziren hona etorri ziren egunean. Hori horrela da eta horrela onartu beharko genuke, lehenengo kontaktuetatik joatea erabakitzen duten arte. Horrela ulertu beharko lukete gaileta fabrika jarri zieten Leon edo Palenciako herri hartako haiek, Suzukiren fabrika daukaten Linareskoek, Zorita zentrale nuklear itxi berriaren inguruko herrietakoek eta abar. Izan ere, ez da txiripa eder bat horrelako fabrika bat gure herrialdean 10 urtez egotea? Nafarroan zenbat gauza egin dira VW-ri esker? zenbat enpresa hasi dira VW-ren hornitzaile moduan, eta orain beste toki askotara saltzen? zenbat jende bizi izan da (eta oraindik biziko da) VW-ek emandako lanari esker? Ez ote genuen Eibarren gustora hartuko horrelako fabrika bat 80. hamarkadan? Nire ustez giltza da garai hori ondo aprobetxatzen jakitea, bai politikoek eta bai inguruko gizarteak. Erraldoia bertan dagoela aprobetxatu ekimen berriak sortu eta garatzeko, dibertsifikatzeko eta urte gutxi horietako etekinak zuzenean inbertsio moduan hartzea, enpresa eta medio ekonomikoen sorkuntzan, badaezpada ere multinazionalak joatea erabakitzen badu. Politikarien lehenengo lana izan beharko litzateke dependentzia horretatik ihes egitea. Adibidez: Trokelgintza munduan ibili nintzenean, harrituta nengoen zenbat trokeleria zegoen gure inguruan, eta denak ezagunak ziren beraien artean, bata bestearekin lan egindakoak eta abar. Entzun nuenez, 70. hamarkadan alemaniako enpresa batek fabrika jarri zuen Bilbo inguruan, inguruko kultura metalurgikoaz aprobetxatuta. Enpresa handi hura eskola ederra izan zen eta han lan egindako gehienek jarri zuten gero beraien trokelgintza txiringitoa. Batzuk enpresa handiak bihurtu dira, beste batzuk desagertu, baina oraindik automozioko sektorean Europa osoko trokelgintza ingurune garrantzitsuenetakoa da Bilbo ingurua. Eta multinazionalak hona badatoz ere, komeni zaielako da, etekin handia aterako diotelako inbertsioari. Horregatik politikarien negoziazioek ere garrantzi handia dute, ikusi besterik ez dago Daewooren kasua adibidez. Laguntza asko eman gure gobernuaren aldetik, baina gero ez dut uste inbertsio interesgarria izan zenik. Horregatik berandu baino lehen ez genuke zentratu behar hainbeste Mercedes nola eutsi hemen, baizik eta Mercedes gabe nola bizi gaitezkeen, lehenago edo beranduago (hobe horrela bada) joango dira eta. Berdin Volkswagenen kasuan, eta egongo dira beste batzuk ere. Gari
_______________________________________________ Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected] http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
