Auskalo gero nork irabaziko dituen Kataluniako hauteskundeak baina, 
zer gerta ere, nabarmentzen ari da PSC alderdiaren barne-aldaketa. Montillak 
irabazi edo ez, segurutik sekula ez da sozialismo katalana orain arte bezalakoa 
izango.

 

Euskal munduan inbidiaz aipatu izan da Euskadiko PSE eta Kataluniako PSCren 
arteko aldea eta sarri salatu izan da hemengoek ez dutela inoiz izan hangoek 
erakutsi izan duten sentimendu abertzalea. Egia esan, balorazio hau ez da 
oinarribakoa, bi alderdiok sorreraz duten diferentziaren ondorioa baino, 
Euskadiko PSE PSOEren menpeko federazio bat besterik ez den bitartean, PSC, 
ostera, PSOErekin elkartutako alderdi independientea da-eta.

 

Gaur egun indarrean dagoen Partit dels Socialistes de Catalunya-PSC 1978an 
sortu zen, diktadurapean sakabanatutako PSC-Congrés eta PSC-Reagrupament 
alderdi kataluniarrak  eta PSOEren federazio katalana elkarrekin bilduz. 
Aurreko bietan nagusi ziren Kataluniako sozialdemokratak, burgesia aurrerakoia 
eta Josep Pallach-en (1920-1977) pentsamenduaren jarraitzaileak; hirugarrenak 
bereganatzen zituen, aldiz, hiriburuen inguruan kokatutako etorkin  eta 
langile-mugimenduak. 

 

Bi jatorri ezberdin horien arteko norgehiagoka sortze beretik izan da, baina 
orain arte Reventós, Lluch, Obiols, Nadal, Serra, Maragallek eta abarrek agindu 
duten arren, aurrerantzean, itxura guztien arabera, Montilla, Manuela de Madre, 
Corbacho, Bustos eta euren kidekoen txanda izango da. 

 

Zenbaitek dio guztia Sitges-ko Kongresuan (1994) hasi zela, orduan galdu 
zirelakoan Raimon Obiolsen buruzagitza eta Pallach-en espiritu historikoa, 
“PSOEren kapitainen” mesedetan. Baina, hala ere, beste hainbaten iritziz 
aldaketa ikusi… ikusi, estreinako 2003an ikusi omen zen, Maragall eta Carod 
Zapaterorekin batera azaldu zirenean Generalitatearen balkoian. 

 

Atzo, Bartzelonan, rockero zahar batek esan zidan PSCn gertatzen ari dena 
ulertzeko katalana izan behar dela edo, bestela… Euskadiko Ezkerrakoa.

 

Amatiño

 

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to