Jatsu Argaratek idatzi du:
> Durangoko azoka ez da kultura kontsumitzeko modu zuzena, euskaldunon 
> kontzientzia kulturala garbitzeko aitzakia bat besterik ez da.

Baliteke horretaz zerbait egotea Durangon, baina niri iruditzen zait hori 
baino askoz zabalagoa eta anitzagoa dela azoka. Internet pornografiaz beteta 
dago, baina internet ez da pornografia bakarrik. 

Niretzat Durangoko azoka izugarrizko aukera da. Atzo poltsaz kargatuta 
etxera bidean gentozela hori nenkarren buruan. Zenbat gustatzen zaidan 
Durangoko azokaren buztan luzea! Dantzarien Biltzarrak argitaratutako 4 DVD 
eta CD-rom bat erosi nituen. Urte osoan zehar ez didut dendetan aurkituko 
horiek. Ezta txistulari elkartearen standean erosi nituen partitura zaharrak 
ere. Biarritzeko txistulariek ateratako CD bat, dantza argazkiekin egindako 
bi egutegi, Gatuzaineko euskal antzerki tradizionalei buruz argitaratutako 
liburu bat, Jose Antonio Azpiazuk liñuaren Hªri buruzko idatzitako 
liburu,... eta nobedadeekin batera aspaldiko liburu batzuk. Izan ere, 
argitaletxe eta banatzaileek urtero zakukada liburu zahar ateratzen dituzte 
kutxetatik Durangon, eta hori izugarrizko aukera polita izaten da. Aurten 
adibidez Zutoiaren standean Iztuetak 1824an argitaratutako liburu baten 
1968ko argitalpenaren 4-5 ale atera ditu. Urteak neramatzan liburu horren 
bila eta hara nere begien aurrean! Auñamendiren mahaian ere Jesus 
Elosegiren liburu zahar batekin egin dut topo eta hura ere pozez gainezka 
hartu dut. Nik erositako liburu, CD eta DVD horiek guztiak ez dira inoiz 
sartuko Durangoko "salduenen" zerrendetan, baina niretzat izugarrizko 
altxorra dira,  denda arruntetan inoiz aurkituko ez ditudanak. Beraz, gora 
Durangoko azokaren buztan luzea!! 

Aurrera begira uste dut Durangoko azokak buztan luze horretan sakontzeko 
aukera polita duela. Hainbat elkarte daude urtean (eta batzuk bizitzan) 
liburu bakarra argitaratzen dutenak. Horietako gehienak ez dira iristen ez 
Durangora ezta dendetara ere, eta ederra litzateke horrelako lanentzat Stand 
batzuk jartzea, hamaika amaren emaitzak bildu eta eskainiko lituzkeena. 

oier. 

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to