"Noiz" ote gauden...

 

Eta orain zer? Galdetzen du orok. Baina, erantzuteko, aurrenik jakin behar da 
non gauden. Nekez asmatuko dugu aurrerantzean zer egin ez badakigu orain non 
gauden edota "noiz" ote gauden.

 

Batasunak hitzegiten du abenduaren 29an balego bezala, 30ean ezer gertatu izan 
ez bailitzan. Barajasko "istripua" ahaztu, ez ikusi egin, eta jarrai dezagun 
aurrera, bake-prozesuak eta konponbideak merezi dutelakoan.

 

PPk uste du, ordea, abenduaren 30eko erasoak arrazoia eman diola eta, funtsean, 
ezer ez dela zazpi urteotan aldatu, Itun Antiterrorista eta ondoko Alderdien 
Legea indarrean jarri zirenetik alegia. PPk 2000 urtean dirau. 

 

Gainerako alderdi guztiek, berriz, Anoetako agirira itzuli dira, 2004ko 
azarorarte. Bakegintza eta normalizazio politikoa bai, baina, Kongresoaren 
ebazpenaren ildotik, gatazka kaleetatik atera, indarkeriarik ez eta eztabaida 
politikoa alderdien eskutan baino ez bada uzten.

 

Nork ote arrazoia? Batasunak izan dezake, ETAk behingoz armak utzi eta 
burujabetza politikoa ematen badio. PPk, berriz, ETAk 2000 urteko sarraskiari 
ekiten badio. Eta gainerako alderdiek, ondoko sei-zazpi hilabeteetan Barajasen 
zapuztutako aukerari emeki-emeki berriro heltzen baldin bazaio.

 

Amatiño


ARGIA

2007.02.04

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to