Julio Caro Baroja historilariak esana da: “Euskal Herriak garai
oparoak bizi izan ditu itsasora begira jarri denetan eta krisialdi latzak,
aldiz, bizkar eman dionean”. Zalantzarik ez gero Don Juliok pozarren hartuko
lukeela datorren astetik aurrera irekiko den Bilbo eta Brujasen arteko
itsas-autopista.
Flandria eta Euskal Herriaren arteko harremanak ez dira bart gauekoak. Euskal
merkataritzak Bilboko Kontsulatua izan zuen zabalik hainbat mendetan. Baita
Bizkaiko Etxea ireki ere. Oraindik ere 'Bizkayers Plaatz' izeneko enparantza
dago gaur egungo Brujasen bertan, munduan zehar euskaldun guztiak bizkaitartzat
hartzen gintuzten garai haien gogoangarri.
Kanta zaharrak ere Euskal Herriko eta Flandriako itsas-harreman haien lekuko
dira. Nork ez du gero noizbait kantatu:
Jeiki, jeiki etxekoak,
argia da zabala,
argia da zabala¡
Itsasotik mintzatzen da
zilarrezko tronpeta.
Baita ere ikaratzen
olandresen ibarra,
olandresen ibarra¡
Olandresak… holandarrak eta flandriarrak aldi berean adierazteko euskal
hitz hibridoa, Holanda eta Flandria XVI. mendean elkarrengandik banatu baino
lehenagokoa.
Segurutik, euskaldunok ez dugu gehiago balearik hartuko. Behar bada, ez gara
gehiago korsario edo pirata izango. Auskalo arrantzale soil izaten ere
jarraitzerik izango ote dugun… Baina, edozein modutan, itsasoak hor aurrean
dirau. Eta Julio Caro Barojak sumatu bezala… ez nonbait alferrik¡
Amatiño
Goiz kronika
Euskadi Irratia
2007.09.18
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]