Enpresa-zuzendarien kongresua izan da Bilbon eta gizon eta emakumeen arteko 
buruzagitza aztertu. Baita eztabaida eragin ere, Daniel Innerarity filosofoak 
esan ostean, emakumeek euren alde darabiltzaten hainbat arrazoi kontra 
bihurtuko zaizkiela uste baino lehen.

Filosofo bilbotarraren ustez, emakumeak gizartearen erdia dira eta datu zehatz 
hau aski da, besterik gabe, gizartearen erdia ere emakumeen ardurapean 
lagatzeko. Innerarityren iritziz, zenbait emakumek euren defentsan azaltzen 
dituzten arrazoiak -emakumeen seigarren zentzumena, intuizioa, sentiberatasuna, 
harremanak, sedukzioa etab. - tranpa hutsak besterik ez omen dira, euren kontra 
bihurtuko direnak. Innerarityren ustez, eztabaidan dagoena ez omen da emakumeen 
gaitasuna, zor zaien jarrera demokratikoa baizik. Justizia kontua alegia, ez 
gaitasun kontua.

Hau entzun bezain laster, Espainiako Emakume Enpresari eta Zuzendarien 
ordezkariak lepora egin zion esanez, nahiz-eta filosofo handia izan igartzen 
zitzaiola, bai, gizonezkoa baino ez zela, eta Innerarityk berak besterik uste 
izan arren, garbi dagoela emakumeak gizonezkoak ez dituen baloreak eskaintzen 
dizkiola enpresa-zuzendaritzari. 

Auskalo... Auskalo gero, nork duen arrazoia. 

Ondo dago, bai, sexuen arteko parekotasuna aldarrikatzea, baina ez dakit ba nik 
zenbaiteraino sinesgarri ote den behin eta berriz berdintasuna aipatzea eta 
ondoren, berehala, gehitzea: "Eta, gainera, emakumeak hobeak gara". 

Baina... norgehiagoka aritzea ez al zen ba matxismo merkea?

Amatiño

Euskadi Irradia. Goiz kronika. 2007-11-06

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to