Amatiñok: >Hi, Markos... besterik? Hau nahi al huan? Ala beste >zerbait guztiz >diferenterik?
Honekin oraingoz aski. Baina Arestirena kontatuko bazenu, hobeki. Hori jarioa, hori aberastasuna, ene bada! Ez zaitut edadetuegi ikusten, baina ea lehenbailehen jubilatzen zaren autobiografia potolo bat idazteko, Serafinek berea idatzi dezan lortu ostean. Politikoek euskaraz idatzi dituzten autobiografiak oso interesgarriak dira, eta Arzalluzek, Garaikoetxeak eta Jon Idigorasek eman diguten disgustuaren ondoren primeran letorkiguke zeurea. ----- Original Message ----- From: "Amatiño" <[EMAIL PROTECTED]> To: <[email protected]> Sent: Tuesday, June 06, 2006 12:22 AM Subject: [eibar] Markosen eskabidea Zenbat eta gehiago pentsatu are kezkagarriago iruditzen zait Markosen eskabidea. Izan ere, zer pasatuko ote da gero bere burutik, nere zahartzaroaz galdetu eta Aresti, Zaitegi, Andima, Orixe, Mirande, Nemesio Etxaniz eta... gogorarazteko? Horren edadetua ikusten ote nau? Dardara ere etorri zait, nik ez baitut nere burua sekula horien pareko, zeharreko, hurbileko, kontrako, zer-ikusiko... sentitu. Eta, gainera, guzti honetaz ez al luke Serafinek hitzegin behar? (Animatu hari, Serafin) Seietarik bost bizi ziren ni Eibarko berriemaile hasi nintzenean (1964) Zeruko Argia astekarian. Andima Ibiñagabetia (1906-1967) guztiz ezezagun izan nuen. Orixeren (1888-1961) berri, beronen iloba Joxe Mari Aranalde adiskidearen bitartez jakin nuen eta Mirande nor zen (1925-1972), berriz, Juanito San Martini esker jakin nuen. Zaitegirekin (1906-1979) oso ondo konpondu izan nintzen, Arestirekin (1933-1975) eskas samar (ni berarekin bera nerekin baino hobeto*) eta Nemesio Etxanizekin (1899-1982)... baita bere etxean lo egin ere. Aresti edo izan ezik, beste bostak zeharo zaharrak ziren neretzat, beste belaunaldi batekoak, izan ere nere gurasoen sasoikoak baitziren. Eta, behar bada, are zaharragoak ikusten nituen nik, bai gerra ezagutu zutelako, bai erbestean ihesik** edo ibiliak zirelako, gizarte zahar samarra ordezkatzen zutela iruditzen zitzaigulako. Nolabait esateko, guk bertatik bertara ez ezagutzeaz gainera, ezagutu ere ezagutu nahi ez genuen iragana islatzen zutelako. Oker nahiz zuzen, nik oso garbi daukat eta errudun sentitzen naiz: Ez genien behar eta merezi zuten aukerarik eman. Behar bada ez zuten asmatu, baina ezta guk ere eskuzabal jokatu. Garai hartako mezurik (Lankide Aurrezkiaren egutegian Luis Iriondok jarria) zabalduenetakoa zera izan zen: Katea ez da eten. Baina etenik izan, izan zen. Mezuak ez zioen egiarik, egiatzat nahi zukeena aldarrikatu baizik. Gerrak, atzerriak, diktadurak, berrogei 30 urteko tunelak bi belaunaldien arteko etena erakarri zuen. Guk mundua jan nahi genuen, diktaduraren basamortuari erantzun, euskara indartu, gutasuna aldarrikatu... eta aurrera begiratu beharraren beharrez ez genuen sekula erretrobisorerik erabili. Are txarrago, jakintsu agertu beharraren beharrez, muzin egin genion aurreko belaunaldiaren ondareari, egiazko iraultza aurreko guztiarekin hautsi eta hutsetik hastea bailitzan. Markosen galderari erantzunez. Nik gaur egun askoz ere gazteago ikusten dut nere burua, gure aurreko haiek orain dela 30-35 urte baino. Batetik nik ez dakit gazte-jendeak nola ikusten nauen (seguru gero nik uste dudan baino zaharrago). Bestetik, haiek gerratik, erbestetik zetozen; mortalak eta bi pasatutako jendea zen, gorriak ikusitakoak, larre motzekoak, premian hazi eta hezitakoak eta, behar bada, galtzaileak ere nolabait esateko, zetorkien gizarte berri hartan euren burua non kokatu asmatu ezinik. Gure belaunaldia, ostera, beti ere onerantzako edo bidea egin duelakoan dago (hasierako puntua ere eskas-eskasa zelako), premia latzik ezagutzeke, beti haizea alde, sekula aurretik Herri honek izan ez duen bizimoduaz... oro har bere burua irabazletzat duen belaunaldia da gurea (gonbarazio erlatiboetan ari naiz, ez euforiari amain ematen edo egungo mixeriak ezkutatu gurarik). Ez dut sumatzen gaurko gazteek (30 urtetik gorakoez ari naiz, hortik beherakoak beste galaxia batekoak dira neretzat, nere seme-alabak baino gazteagoak dira-ta)*** 1979n hasitako prozesuari muzin egin edo jaso duten ondarearekin (kulturaz, hizkuntzaz, eskolaz, ekonomiaz, erakundetzeaz... ) hautsi nahi dutenik. Ni jendeak ezagutu egiten nau kalean zehar eta oraindik ere ETBrekin identifikatu. Eta, aurpegietan ikusi baino ez dago, euren historia partikularrean bizi izan duten hainbat une pozgarriren oroigarritzat hartzen naute. Ez diot hau kristona denik, adierazgarritzat joten dudala baino. Ni zaharrago edo gazteagoa izango naiz, asmatuko dut ala ez, gehiago edo gutxiago ulertuko didate, baina nik ez du nere inguruan etenik sentitzen Nik nere aurrekoak gutxietsi nituen, baina ez dut sumatzen nerekin beste horrenbeste egiten dutenik orain. Jendea, oro har, nerekin askoz ere hobeto portatzen da ni nere aurrekoekin baino. Eta horrek, motzean, poztu egiten nau, baina, ondoren, mindu. Errudun sentiarazten nau. Eta erremin honek soluzio txarra du. Hi, Markos... besterik? Hau nahi al huan? Ala beste zerbait guztiz diferenterik? Amatiño * Hau ere, kontatu daiteke. ** Orixek hainbat hilabete egin zituen azken egunotan horren sarri aipatu izan den Gurs-ko kontzentrazio-eremuan. *** Aurreko asteburuan ezagutu nuen Bartzelonan Anxo Quintanaren (Galiziako lehendakari orde eta BNGren burua) prentsa-arduraduna, 24 urteko mutikoa¡ _______________________________________________ Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected] http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED] _______________________________________________ Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected] http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
