ostiraleko ...eta kitto! aldizkarirako:


Sasoiz kanpo



Abuztuan Olentzero kantatzea bezala, irudi dezake sasoiz kanpokoa dela 
martxoaren 8tik kanpo gizon eta emakumeen arteko berdintasunaz jardutea. Tira, 
izango da baita ere sexua dela-eta diskriminazioa badagoela esate hutsa sasoiz 
kanpokoa irudituko zaionik. 

Lortu dugu behintzat emakumeen diskriminazioa gauza zatartzat hartzea, eta 
behintzat gaur egun zaila da pertsonak zuzen-zuzenean sexuaren arabera 
baztertzen direla topatzea, desberdinkeriak modu sibilinoagoan egiten direlako. 
Hala ere geratzen dira XXI mendeko Eibar aurrerakoian esparru batzuk, gizonen 
esparruak, non emakumeak, emakume izateagaitik eskubidebako sujetu diren. Eta 
horrela bazterketa horiek idatzita daude eta inor ez da horregaitik gorritzen. 

Sozietate esaten zaizkien lokal batzuetan bazkide batek ez dauka bere alabari 
eskubidea oinordetzan ematerik. Bai ostera alabaren lagun bati, maitale bati, 
auzoko bati edo kalean trink egindako bati (gizona bada, nola ez). Ah, baina 
dio besteak, talde batek bere lokalean ezin al ditu bere arau propioak ezarri? 
Ez jauna. Horrexetarako daukagu, besteak beste, duela bi urte Eusko 
Legebiltzarrak onartu zuen Emakume eta Gizonen arteko berdintasunerako Legea. 
Lege honek agintzen die Udalei, besteak beste, bere arauak emakume eta gizonen 
arteko berdintasun printzipioaren arabera jarraitzen direla jagon dezatela, eta 
baita ere sexua dela-eta ematen diren diskriminazioen kontrako neurriak har 
ditzatela. Legea eskuan, ikusi beharko litzateke Udalak ahalmena izango luken 
horrelako lokalei, edo emakumeen sarrera galerazita daukatenei, ba, esate 
baterako udal lizentzia kentzea. Zeinek ipini baina txintxarria katuari.  
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to