Berrogei urte ez dituen arren, Ander lantegiaren jabe da. Gazterik hasita, ia
hogei daramatza astero hirurogei ordutik gora lan egiten eta ez zaio sekula
burutik pasatu beste modu batez izan zitekeenik. Holaxe egokitu zaio eta kitto.
Ez du bere burua apartekotzat. Kalera jaitsitako baserritarren seme,
bere sasoikoak unibertsitatera joaten hasi zirenean lanari ekin behar izan
zion, hala izan behar zuelakoan. Eta, egia esan, astean hirurogei ordu lan
egiten duten gehienei sarri gertatu izaten zaien bezala, ez zaizkio gauzak
txarto atera. Orain dela pare bat urte ezkondu zen andereño batekin, korbata
estreinako jantzi, elkarrekin pisua erosi eta negozioa, maldan gora, ondo.
Ez du, ez, bere burua apartekotzat, lagunen artean hilaren azkeneko
nomina ordaintzen bakarra den arren. Beste adiskide guztiek –ekonomilaria,
teknikaria, irakaslea, kazetaria zein funtzionaria izan— soldata kobratzen
duten egun berean, Anderrek bere dozena erdi langileei ordaindu egin behar
izaten die. Normala. Baten batek ordaindu behar besteek kobratzeko.
Guztiek dute egunotan lagunarteko aipagai ETAk azken bolada honetan
enpresariei eskatu dien “iraultza-zerga”. Batek dio ez dagoela horrelakorik
onartzerik, besteak uste du eskabide hori enpresari handi-mandiei baino ez
zaiela egiten eta beste batek galdetzen du, berriz, ea zergatik ez zaien
kooperatiba-buruei ere eskatzen. Bada esaten duenik, Diputazioari urtero egiten
zaion errenta-aitorpena ere ez dela borondatezkoa. Zenbat buru hainbat aburu.
Anderrek ez du ezer esaten. Baso erdia ahoratu eta entzun besterik ez
du egiten, isilik misilik. Denak dira nonbait jakitun baina bera da karta jaso
duen bakarra.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]