Herri-kontsulta dela eta, jakina da --aurretik akordiorik ez badago, 
behintzat-- Ibarretxe lehendakariak datorren ekainean baimena eskatuko diola 
Eusko Legebiltzarrari hurrengo udazkenean herri-kontsulta egiteko. Ezin 
oraindik jakin Ibarretxek baimen hori lortuko ote duen Legebiltzarraren aldetik 
baina, onenean ere, badirudi ez duela %56aren onespena baino gehiago lortuko. 
Ehunetik 56 hori asko edo gutxi den eztabaidagarri izan daiteke baina 
zalantzarik ez joko demokratikoaren arabera nahikoa dela. Eta kitto.

      Hau egia izanik, egia ere bada Abiada Handiko Trenak Eusko 
Legebiltzarraren %86aren onespena duela. Baita Nafarroako Legebiltzarraren 
%86arena ere, hain justu. Eta, horretara,  ezin besteko galdera zera da: 
zergatik herri-kontsulta egiteko aski da Gasteizko Legebiltzar soilaren %56a 
eta Abiada Handiko Trena egiteko ez da aski Hegoaldeko bi parlamentuen %86a?
 
      Are gehiago. Nahiz eta Eusko Legebiltzarrak Abiada Handiko Trena erabaki, 
hor ari dira hainbat alkate adierazten, Parlamentuak besterik esan arren, eurak 
buru-belarri saiatuko direla --tokian tokiko herritarren izenean-- Abiada 
Handiko Trena beraien herrietatik pasa ez dadin. 
 
      Bapo, bapo... Eta, era berean, Eusko Legebiltzarrak herri-kontsulta 
egitea erabaki arren, hainbat alkate hasiko balira esaten --tokian tokiko 
herriaren izenean jakina-- euren udaletan ez dela herri-kontsultarik egingo?
 
      Segurutik alkateei ez dagokie euskal hiritar guztion herri-kontsultaz 
erabakitzea. Baina, gu guztion trenaz bai ala? 
 
      Amatiño
      Goiz kronika. Euskadi Irratia
      2007-11-13
_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to