Utah-ko Unibertsitatetik etorritako ballet dantzari talde batekin gabiltza pasa den ostiraletik Eibarren euskal dantzak irakasten. Dantzak irakasteaz gain saiatzen ari gara batera eta bestera eramaten hemengo gauza batzuk ikus ditzaten, Zuberoara maskaradak ikustera joan ginen, Arratera lainoak eta euria ikustera igo gara, Bilbo, Donostia, Deba... Atzo, ostegun santua Deban geunden, aurretik deitu genuen turismo bulegora eta eliza barrutik ikusteko aukerarik izango ote zen galdetu genuen. Baietz, irekita izango zela. Bertara joan eta eliza itxita. Turismo bulegora joan eta hura ere itxita!
Asteartean Eibarko arma museoa ikustera joatea proposatu genien eta baietz, pozik ikusiko luketela. Deitu genuen bertara eta aste santuan itxita dagoela. Arraroa egin zitzaigun, opor egunetan itxita museoa, baina hasi gara ohitzen. Dena den, Eibarko museotik asteartean mesede berezia egin ziguten eta itxita behar zuen orduan guretzat irekin, bikain. Hasi gara museoa ikusten eta Utah-ko dantzarien irakaslea pozik, halako pistola nahiko berezia dela, ez zuela inoiz ikusi eta bere lagunei erakutsiko diela. Atera du argazki kamera, baina berehala etorri zaigu arduraduna eta debekua, ezetz, debekatuta dagoela argazkiak ateratzea museoan. "No photos, no photos". Ez dut ezer ulertzen. Benetan. Zergatik ezin daitezke atera argazkirik arma museoan. Museoa eibarko industria ekoizpena ezagutzera emateko egingo zen ezta? Beraz, argazkiak ateratzeak helburu horretan lagundu baino ez du egiten! Museoko zuzendaria banintz nik zera esango nieke bisitariei: "Take photos please, egin argazkiak ahal beste eta zabaldu mundura!!". oier.
_______________________________________________ Harpidetza eteteko, bidali mezua hona: [EMAIL PROTECTED] izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik) Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.
