Orain ia mende laurden, Gernikako Estatutuaren eraginez EiTB sortu zenean, 
Jaurlaritzak indarrean jarri zuen sekulako euskarazko informazio-egiturarik 
handiena. Erabateko iraultza izan zen komunikazio-alorrean. Garai hartan esan 
zen, euskarazko informazioaren inguruan hasiak ziren langileen kopurua, 
Etxeparerengandik (1545) ordurarte aritutako guztiena baino handiago zela. 

 

Bi hamarkada luze geroago, ETBren zuzendariak hainbat datu esanguratu eman 
berri ditu aurtengo programazioari buruz. Bingen Zupiriari jaramonik egingo 
badiogu, 300 lagun dira ETB1en entretenimendu eta dibulgazio-saioen sorkuntzan 
dihardutenak, ideia-asmatzaile, gidoilari, aktore-aktoresa zein aurkezletzan. 
Zifra ikaragarria gero, 1984ean Donostiako gimnasio batean hasi ziren Txirri, 
Mirri eta Txiribitonen lan eskergarekin alderatuz gero. 

 

Uka ezina da ETB1k dezente kritika latzak jaso ohi dituela euskal 
“intelligentsiaren” aldetik, egia objektiboa den bezala euskal intelligentsiak 
ez dakiela telebistaz edozein hiritar arruntek baino gehiago, ez duela inoiz 
(intelligentsia guztiak bezala) telebista gogoko izan eta progretzat jo izan 
duela telebista gutxiestea. Zenbaiten kritikak baretzeko modurik onena beraiei 
programaren bat egiteko aukera eskaintzea da. Eta ez naiz teoriaz ari.

 

Baina ez dezagun, horratik, Zupiriak aurkeztutako programaziorik ahaztu, 
aurtengoa bai baita azken urteotako ETB1en eskaintzarik sendoena: “Mihiluze” 
ikusentzulea egunero engantxatzeko gauza da, “Belbemendi”ri inoizko fakturarik 
onena dario, “Erletxea”k ez du herri honek eman dezakeen baino gutxiago ematen, 
“Kalaka” guztiz homologagarria da (eta normaltasun hau uste baino zailagoa da 
500.000 laguneko gizartean), “Goenkale”k, “Martin”ek eta “Wazemank”ek 
gorputzaldi onean jarraitzen dute eta…

 

Eta tangoak arrazoi… “que veinte años no es nada”. Auskalo gero gutxi edo asko 
diren, baina hogei horietxek behar, ostera, heldutasun-punttua lortzeko! Gauzek 
denbora behar dutela, alegia.

 

Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to