Amatiñok:
> -- Garbi daok be,  Aita Barandiaranen (Joxe Mielek berak neri esanda)
> eskolako arkeologoak ez dirala seula izan indusketa intensibuan zale baiña
> euren burua Praileaitzen defenditzaile amorratutzat dauken batzuk oindiño be
> Praileaitzen indusketa intentsiboan jarraitu gura dabela.
>   
Indusketa bat egiterakoan normala izaten da aztarnategiaren zati bat 
industu gabe uztea. Jakina da aztarnategi bat behin bakarrik industu 
daitekeela eta industu ahala suntsitu egiten dela eta berriz izango dela 
industu. Praileaitz moduko aztarnategi batean materialak eta sedimentuak 
milaka urtetan joan dira pilatzen, eta ur-korronte, sator edo basurde 
batzuk gora-behera, aztarnak eroritako tokian geratu dira. Adibidez 
lokalizazio zehatza eta estratigrafia oso garrantzitsuak dira harrizko 
objektuak datatu ahal izateko. Harriak (Praileiatzen aurkitutako 
zintzilikarioak adibidez) ez digu esaten noiz erori zen lurrera, baina 
harriaren ondoan agertutako polen eta ikatz pusketen bidez kalkula 
daitezke urteak.

Barandiaranen garaian pentsatzen zen denborarekin indusketa teknikak 
hobetuko zirela eta horregatik aztarnategiaren zati bat gode beharra 
zegoela aurrerago, ezagutza gehiagorekin industen jarraitu eta 
informazio gehiago eskuratu ahal izateko. Adibidez, azken urteotan bere 
garaian Barandiaran, Eguren, Aranzadik eta konpainiak industutako 
zenbait aztarnategi industen jarraitu da, eta aurrekoen emaitzak 
berretsi eta zuzentzeko aukera izan da. Bestalde, indusketa kanpainak 
egitean badago lan-jardun bat aztarnategian bertan egiten dena, lurra 
altxatu eta materialak jasotzen, eta beste bat laborategian egiten dena, 
jasotako material eta aztarnak aztertu eta ikertzen. Ohikoa izaten da 
tarte batean indusketak egin eta beste tarte luzeago batean jasotako 
materialak aztertzen jardutea berriz ere industen jarraitu aurretik.

Baina guzti horrek badu salbuespen bat. Aztarnategia suntsitu eta 
desagertzera doanean ez dago "gerorako" ezer uzten ibiltzerik. Praileitz 
aspaldi katalogatutako aztarnategia zen. Baina urgentziako indusketa 
hasi ziren orain sei urte. Zergatik? Harrobiak aztarnategia "jango" 
zuela aurreikusita zegoelako, eta beraz, aztarnategia desagertu aurretik 
industeko agindua jaso zuen Peñalverrek. Inork ez zuen espero, ezta 
Peñalver eta Aranzadik ere Praileaitzen agertu dena agertuko zenik. 
Rutinazko indusketa bat egitera joan ziren, desagertzera zihoan balizko 
aztarnategi bat "hustutzera". Lehengo aztarnak (suarri aztarna pila 
sarrerako aretoan, sutegiak, eserlekua,...) agertu zirenean izugarrizko 
sorpresa hartu zuen Peñalverrek berak. Ezer gehiago agertu gabe 
(zintzilikarioa eta margoen berri ez zuten oraindik) Peñalverrek 
baloratu zuen aspaldiko aurkikuntzarik garrantzitsuena zela hura. Ezer 
gehiago agertu izan ez balitz ere, aurkikuntza garrantzitsutzat hartuko 
zuen komunitate zientifikoak.

Baina hori horrela izanda ere, Peñalverrek jasotako agindua izan zen 
"lehenbaitlehen buka zezala". Eta horretan ari dira, intentsiboan, 
harrobiarekin leiha absurdoan, batzuk goilara eta labanarekin zentimetro 
bateko lur geruzak altxatzen, eta besteak lehergailu eta eskabadorekin 
tonak mugitzen. Izan ere azken sei urteotan han dabiltzan arkeologoek 
(Peñalverrekin batera Sonia San Jose du indusketaren ardura, eta 
arkeologo talde oso bat ari da hor lanean) azpimarratzen dutena da, 
aurkikuntzen oihartzuna hedatu ahala harrobiaren lanak areagotu egin 
direla haitzuloaren inguruan, eta azken bi urteotan nabarmena dela 
intentsiboki ari direla (harrobikoak) beraien ondoan lanean. Maltzurra 
iruditzen zait arkeologoei leporatzea orain intentsiboan aritu nahi 
dutela Praileaitzen. Harrobiaren lanak etengo balira arkeologoek ez 
lukete intentsiboan aritu beharrik izango.

oier A.
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to