Erne, mezu luzea atera zait eta...

Asierrek eta Amatiñok:

Asierrek:
<Lehelengo urtietako antolakuntzan nere gurasuak ibili ziran...
-- Ibili baiño gehixago. Hire aitxa izan ez bazuan seguru asko ez zuan
sekula egingo, ez behintzat egin zan moduan. Bakoitzari beria.


Eta sustatzaile eta antolatzaile lanetan jarduteaz gain pelikula historikoak
grabatzeko ardura hartu zuten bere gain, eta horiei esker garai horiek
ezagutu ez genituenok haietara hurbiltzeko aukera zoragarria daukagu.
Aspaldian geunden gurasoek grabatutako pelikulekin Asier prestatzen ari zen
lanaren zain eta benetan balio izan du esperoak. Eskerrikasko zuri ere bai
Asier!

Enekok:
Zenbat jende, bai, gaur egun lau katu justu-justu ;-)

Aitzindarien lana eta ekarpenak zorionduta, uste dut gaur egungoekin
konparazio arinak lekuz kanpo daudela. Hasteko esan nahi dut azken 10
urteotan Eibarren Euskal Jaia antolatzen dihardutenak, Fernando
Abanzabalegiren arima nekazina eta Mariano Lukeren diesela buru dituztela,
eta horien inguruan dabiltzanak (Kultuko jendea, Eneko zu zeu barne, tartean
zaretelarik) demaseko meritua dakela.

Konparazioak beti dira injustoak, baina ni ausartuko nintzake esatera 65-70
bitarteko Euskal Jai haietan Amatiñok kontatutako moduko arazo legalak eta
traba burokratiko-politikoak ausardia eta trebetasun izugarriarekin gainditu
zituztela, eta ondoren antolaketa lan handia egin zutela, baina lan guzti
horrek harrera bikaina izaten zuela, herri ia osoa bolkatzen zela jaian,
laguntzan ekonomikoa emanez batzuk, zuzenean parte hartuz beste askok, eta
haizea alde dagoenean dena dela eramangarriagoa.

Azken
10-15 urteotan Euskal Jaia antolatzen jarraitu dutenek ez dute arazo legalik
izan, antolaketa lanak berdin samar izango ziren lehen eta orain, baina
ekimenak ez du garai bateko sostengu zabalik izan, eta urte batzuetan
basamortua predikatzen aurkitu dira. Horiek ere baldintza benetan gogorrak
dira.

Gaurkoa ez da orain 40 urtekoa, baina "gaur egun lau katu justu-justu"
esatea gehiegizkoa iruditzen zait. Iazko Euskal Jaian ez nuke esango lau
katu ibili zirenik. Bordaxar, Larrandaburu eta Ttuttuk osatutako hirukote
zuberotarraren emanaldian, xiba taldearen jolasetan, artisau eta
baserritarren azokan, herri-kirolen jaialdian, nazioarteko ezpata-dantzen
jaialdian, kantu afarian, tapia eta leturiarekin erromerian... horietan
guztietan ez dut uste lau katu ibili zirenik. Are gehiago, ia ekitaldi
gehienak jendez lepo egon zirela esango nuke.

Orain 40 urte beste? Ez, ziur aski ez, baina nire ustez, eta dantza eta bere
ikusleen kasuan behintzat, badago aldaketa kualitatibo bat orain 40 urteko
emanaldiekin alderatuta. 65-70eko Euskal Jai haietan dantza bera gutxienekoa
zen. Pelotari jantzi, txapela jarri, ezpata bat hartu eta plazara. Arrakasta
ziurtatuta zegoen, emozionantea. Dantzari on batzuk izango ziren tartean,
baina gehienek nahikoa lan zuten eskuma ala ezkerra altxatu behar zen
asmatzearekin. Gaur egun horrek ez du balio. Dantzari janztea demodé dago,
eta "dantza aspergarria dela" mundu guztiak daki. Beraz baldintza horietan
Euskal Jai erakargarri bat egiteak badu meritua, eta jendeak erantzuten badu
ez da militantziagatik, eskaintzen den produktua interesgarri iruditu
zaiolako baizik. Eta adibidez iaz badirudi jendeari interesatu zitzaiola
eskaintza. Ikusi honako album hauetan eta begiratu Untzagako harmailei. Lau
katu baino dezente gehiago zeuden hor.

http://www.flickr.com/photos/kezka/162291061/
http://www.flickr.com/photos/kezka/sets/72157594157980919/
http://www.flickr.com/photos/kezka/sets/72157594157958452/

Atzera begiratzea oso garrantzitsua da, eta gainera dantzariok badugu esaera
zahar bat oso aproposa horretarako: "Atzeak erakusten du nola dantzatu
aurrea". Baina Euskal Jaiaren kasuan atzera begiratze horrek zama handi eta
injustoa eragin dio "aurreari". Konparaketak ez du zentzurik, orain 40
urteko Euskal Jaiak eta gaur egungoek ez dutelako ez zentzu, ez funtzio, ez
kontestu bera. Eta orduko eredu hori horrenbeste goratzeak Euskal Jaiari
bilakaera natural bat izatea oztopatu dio, eta egungo gizarte dinamikara
normaltasunez egokitu beharrean, beste garai eta sistema politiko batean
sinbolo berezia izan zen jai haren lorratzetatik askatu ezinda dabil.

Gainera, nik ez nuke nahi 1965ko moduko Euskal Jairik gaur egun, atzerapauso
izugarria irudituko litzaidake, gaur egun desegokitzat jotzen ditudan
hainbat gauza egiten baitziren jai horietan. Urruti gabe, garai horretan
bultzatu zen folklorearen infantilizazioaren kalteak oraindik gaur
ordaintzen ditugu. Eta beste adibide bat. Hain zuzen ere Euskal Jaien urte
bikain horietan, 1965-1970 bitartean galdu zen Eibarren gerra aurretik
bizirik mantendu zen dantza tradizio bakarra, San Joan eguneko soka-dantza.
Beraz, nolako kontraesanak, dantzari gehien zeuden urteetan eta dantza
tradizionalei ustez indar handiena ematen ari zitzaien urteetan, galdu zen
Eibarren zegoen dantza tradizio bat.

Horren errurik ez dute noski Euskal Jaien antolatzaileek, ez beste inork.
Besterik gabe garai bakoitzean gertatutako kontuak dira, baina errespetu
guztiekin esanda eta aitzindarien ekarpenari diedan miresmena berretsiz,
aspertuta nago garai batekoekin egin ditugun idealizazioekin.

Barkatu txapa, baina pikatu egin naiz. ;-)
oier.
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to