Atera da azkenean Jaurlaritzaren dekretua Praileaitz babesteko. Erabaki 
salomoniko baten itxura du. Batetik aztarnategia babesten du, baina 
bestetik harrobiko lanek aurrera jarraitzea baimentzen du 80 metrora. 
Peñalverrek adierazpen gogorrak egin ditu eta haserre antzematen zaio.

Legeak esaten du aztarnategi batean margoak agertzen badira aztarnategia 
eta bere ingurunea babestu behar direla. Baina ingurunea zer den ez du 
zehazten. Aranzadik eskatzen zuen mendi-lepo osoa har zedila 
ingurunetzat eta beraz harrobiaren lanak erabat eten daitezela. 
Jaurlaritzak ez du horrela erabaki eta hortik haserrea.

Peñalverrek gaur prentsan egindako adierazpenetan esaten duenez ez da 
ezagutzen leizea noraino iritsi daitekeen. Beraz, gaur ezagutzen diren 
mugak baino ez dira errespetatuko eta ondorioz oraindik ezagutzen ez 
diren galeria batzuk suntsitu daitezke harrobiak aurrera jarraitzen 
duenean. Ni Praileaitzen lehen aldiz sartu nintzenean nahiko haitzulo 
txikia iruditu zitzaidan. Sarrerako aretoa, eta eskuma eta ezkerrera 
gela bana, besterik ez. Sarrerako areto horretan bertan bi sutegi 
aurkituak zituzten, eta esertzeko zein suharriak lantzeko erabili izan 
zen harrizko eserleku moduko bat.  Bigarren aldian ezkerreko gela ari 
ziren industen (zintzilikarioak aurkitu ziren tokian) eta barrenera zulo 
bat ikusi nuen. "Hor zer dago?" galdetu nion Peñalverri, eta berak 
emozio aurpegia jarri zuen, "leizeak jarraitzen du!". Industu ahala joan 
dira agertzen leizean barrena gela berriak eta horietako batean agertu 
dira margoak. Ogrosabelek hobeto jakingo du baina normala omen da 
leizeetan galeria osoak estalita geratzea (ur korronte batek lokatza 
ekarri duelako, sapaia erori delako, edo besterik gabe sedimentua 
pilatzen joan delako...) eta beraz lurra kentzerakoan agertzen hastea 
berriz. Praielaitzek zein sakonera duen ez dakit, eta badirudi baliteke 
ikertzaileek berek ere ez dakitela.

Bestalde, orain gutxi Praileaitzetik gertu eta mendi-magal berean beste 
haitzulo bat aurkitu dute. Baina harrobiaren lanak direla eta segurtasun 
arrazoiengatik erabat debekatua dute bertara hurbiltzea, ondorioz, 
arkeologikoki interesik izan dezakeen aztertzeko aukerarik eman gabe 
suntsituko omen da haitzulo hori.
oier.


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to