Ez naiz ni Txabarrik egindakoa aztertzen hasiko, ez baitut ezagutzen egindako 
lan guztia.
Ostera, irakurri eta entzun diodanetan, berba egiteko moduan harroskoa oso 
iruditu zait, bere moduan pentsatzen ez dutenekiko errespetu faltarekin eta 
prepotentzia puntuarekin: jendaurrean errietan egin die, gogora datorkidanez, 
Andu Lertxundiri, Eskoriatzako alkateari, Bergarako alkateari; hirugarren 
pertsona maiestatikoa erabili du erruz bere handitasuna nabarmentzeko... Hori 
guztia, aitortu behar diot, oso euskara onean. Horra hor aportazio inportante 
bat, eta ironia barik diot.



Agintariak eta euskararen harira, egun hauetan GoienaTBn ikusi ditudanean 
Debagoieneko alkateak, hirugarren egunean edo, konturatu nintzen normalak 
ginela: alkate guztiek normal hitz egiten dute euskaraz, hau da, ondo, 
hizkuntza normal batean biziko bagina bezala, bai hizkera arruntean bai alkate 
bati dagokion jasoagoan, eta zirudienez, alfabetatutakoan. 
Ikaragarri eskertu netsen hori.

Elena

----- Original Message ----- 
  From: Amatiño 
  To: Eibartarrak zerrenda 
  Sent: Tuesday, June 26, 2007 10:05 AM
  Subject: [eibar] Txabarriren listoia


   

  Hona non Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari berria ez den, azkenik, 
euskalduna. Ez da kritika, ñabardura hutsa baino. Erabaki demokratikoa izan da 
eta kitto. Halere, ez dut uste hankasartzea denik esatea, aukeran, gehienok 
nahiago genuela euskalduna, baita sozialistek ere  irabazle aterako zirela 
aurrez sumatu izan balute. 

   

  Orain, berriz, Diputazioan zer? Auskalo zer gertatuko den baina jakinekoa da 
Gipuzkoako Aldun Nagusi demokratiko den-denak euskaldunak izan direla beti, 
beti gero, historia guztian zehar.

   

  Gainera, ez dut nik zalantzan jarriko azken hiru mendeotako diputatu nagusien 
euskaltzaletasuna -Xabier Munibe, Azkoitiko zalduntxoa tarteko-- baina, onartu 
ere onartu beharko, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri besterik izan dela, ez baita 
alferrik hirurogeigarren hamarkadako belaunaldiaren kimua, umetan alfabetatua 
eta gazte-gaztetandik euskalgintzaren behargina. 

   

  Ezin gero hogei segunduan Txabarrik lau urtean egindakorik laburbildu. Baina 
gogoratu dezagun karguaz jabetu bezain laster esan ziela kazetariei, euskararen 
duintasunaren mesedetan ez zituela prentsaurrekoetan bere buruaren 
itzultzailearenak egingo. 

   

  Gogoratu ere, euskal testu zaharren bilketan, linguistika alorrean edota 
euskara-erakundeekiko lankidetzan jorratu izan dituen urraspideak.  

   

  Segurutik Txabarrik ez du guztia ondo egin, baina euskalgintzaren listoia 
dezente goian laga du. Goi horri eustea izango al da hurrengoaren  erronka¡ 

   

  Amatiño

   

  Goiz kronika

  Euskadi Irratia

  2007.06.26



------------------------------------------------------------------------------


  _______________________________________________
  Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

  http://www.eibar.org/zerrenda

  harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to