Hona non Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari berria ez den, azkenik, 
euskalduna. Ez da kritika, ñabardura hutsa baino. Erabaki demokratikoa izan da 
eta kitto. Halere, ez dut uste hankasartzea denik esatea, aukeran, gehienok 
nahiago genuela euskalduna, baita sozialistek ere  irabazle aterako zirela 
aurrez sumatu izan balute. 

 

Orain, berriz, Diputazioan zer? Auskalo zer gertatuko den baina jakinekoa da 
Gipuzkoako Aldun Nagusi demokratiko den-denak euskaldunak izan direla beti, 
beti gero, historia guztian zehar.

 

Gainera, ez dut nik zalantzan jarriko azken hiru mendeotako diputatu nagusien 
euskaltzaletasuna -Xabier Munibe, Azkoitiko zalduntxoa tarteko-- baina, onartu 
ere onartu beharko, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri besterik izan dela, ez baita 
alferrik hirurogeigarren hamarkadako belaunaldiaren kimua, umetan alfabetatua 
eta gazte-gaztetandik euskalgintzaren behargina. 

 

Ezin gero hogei segunduan Txabarrik lau urtean egindakorik laburbildu. Baina 
gogoratu dezagun karguaz jabetu bezain laster esan ziela kazetariei, euskararen 
duintasunaren mesedetan ez zituela prentsaurrekoetan bere buruaren 
itzultzailearenak egingo. 

 

Gogoratu ere, euskal testu zaharren bilketan, linguistika alorrean edota 
euskara-erakundeekiko lankidetzan jorratu izan dituen urraspideak.  

 

Segurutik Txabarrik ez du guztia ondo egin, baina euskalgintzaren listoia 
dezente goian laga du. Goi horri eustea izango al da hurrengoaren  erronka¡ 

 

Amatiño

 

Goiz kronika

Euskadi Irratia

2007.06.26

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to